Páginas

jueves, 8 de marzo de 2012

Hezkuntzan eta irakaskuntzan neutralak ala ez?

Hezkuntzan eta irakaskuntzan neutralak izatea egokiena dela pentsa daiteke, baina, nola lortu neutralitate hori?

Irakasle asko neutralak edo/eta objetiboak direla pentsatu arren, egunerokotasunean ez dute adierazten. Eskolako eguneroko praktikan, modu inkontziente edo kontziente batean, ikuspuntu bat edo beste bat izaten dugu, askotan gure ekintzen edo hitzen bidez azaleratzen duguna. Honen aurrean, askotan, errespetuan oinarritutako jarrera objetiboa erakustea funtsezkoa izango da. Horretarako, gaur egungo irakasleek eta etorkizuneko irakasleok ahalegin handia egin behar dugu. Zailtasun handiko erronka baten aurrean gaude.

Hau guztia kontuan izanik, horrela definituko nituzke bi kontzeptu hauek:

Neutralak izatea egoera, jarrera edo iritzi baten alde batean edo bestean jarri ordez, hauen artean/erdian kokatzea izango litzateke. Beraz, zure iritziak, ideiak, pentsamenduak, etab. azaleratu gabe geratzen dira. Baina, ikasleengan transmititu nahi dieguna ez al da honen kontrakoa? Ez ditugu ikasle kritikoak nahi? Orduan, neutralak izatea egokiena da? Ez dut uste.

Objetiboa izaterakoan ere aurreiritziak, sentimenduak eta interesak albo batean uzten dira. Baina oraingoan, egoerari, erabakiari, jarrerari... buruz hitz egiten da, horren alderdi guztiak azaleratuz (bai alde onak baita txarrak ere). Beraz, objektiboa den pertsona batek edozer gauza aztertzeko gai da, bere sentimenduak, iritziak, ideiak... azaleratu egin gabe.


Horrela bada, ezberdinak diren baina nahasteko errazak diren, bi kontzeptuen aurrean gaude.

miércoles, 7 de marzo de 2012

Prest gaude?

Piagetek zioen bezala, ikaste prozesuan oreka da azken helburua. Baina ezaguera, bizipen, esperientzia... berri bakoitzarekin oreka egoera hura desoreka egoeran bihurtzen da.  Berriz ere oreka bihurtzeko, pertsonek ahaleginak egin behar ditugu, batzuetan ahalegin txikiak eta beste batzuetan ordea, izugarrizko ahaleginak.
 
Aurrekoa kontuan hartuz, ondoriozta dezakegu bizitzan zehar gure barne-oreka guztiz hausten duten gertaerak gertatzen direla, gertatu arte irudikatu ezin ditugun gertaerak. Horren aurrean geure gorputza, geure burua eta gehien bat, geure bihotza ez-gai ikusten dugu. Indarrak falta zaizkigu. Gauzak horrela, esperientzia gogorrak bizitzeko ordua iristean ezjakintasun beteriko putzu erraldoi baten barnean murgiltzen gara. Itotzeko beldurra inguratzen gaitu.

Sentimendu hauek gutxitzeko, askotan haurrekin hitz egiteko "tabu" diren gaiak landu beharko direla uste dut; hala nola familiar baten heriotza. Txikitatik transmititzen diren beste alderdi ugariekin batera (Curriculumean adierazitakoak), gai hauek ere landu behar dira. Gauza normal bat da, edo gutxienez gerta litekeen zerbait da. Etorkizunean, edo hain urrun ez dagoen orainaldian, haien familiarrak edo haien inguruko pertsona garrantzitsuak galdu dezaketela azaldu behar zaie. Bizitza osoan zehar gertatuko diren gauzak dira, saihestezinak. Ondorioz, ez al da egokiena izango lehenengo aldia iristerakoan horren inguruko ezaguera minimoak izatea?

Ni neuk, etorkizuneko irakasle bezala alde batetik, eta bestetik, etorkizuneko ama bezala, nire betebeharren artean sartzen dut. Zaila izango da, baina behintzat, saiatuko naiz.